Egungoak
Udaberriaren lore berriak
Udaberriaren lore berriak
Udaberrian guztiz sartuta gaude eta uda heltzeko dugun nahiari aurre egiteko, Ibaizabalek liburu sorta berria prestatu du.
Loreak bezala, udaberrian liburuek ere beste kolore eta itxura bat hartzen dute. Eguzkia gero eta gehiago ikusten dugu eta egunak luzeagoak izaten hasi dira. Orduan, zergatik ez aprobetxatu eta disfrutatu argitasun-ordu horiek liburu berri batekin?
Jarraian Ibaizabalek udaberrirako prestatutako liburuen zerrenda aurkezten dizuegu:
TXIKIENENTZAKO ABENTURAK
Bidaiatzea disfrutatzea da eta zer hobe, autoan edo trenean txangoan joatea baino? Ezer ez! Horregatik, etxeko txikienek imaginazioa garatu eta aldi berean leku desberdinetara bidaiatu dezaten, Ibaizabalek Txikiak ibilian bilduma berria plazaratu du, Trenean eta Autoan bi liburu interaktibo berriekin.
Igaz, maitasuna neurtu eta erakusteko liburua argitaratu ondoren, aurten haur txiki baten etorreraren aurrean prestatzeko Bai umetxo maitagarria! liburua ekarri digute Alexandra Garibal idazleak eta Claudia Bielinsky ilustratzaileak.
Normalean, saguzar bat ikustean edo gure albotik pasatzen denean, urduritu egiten gara, ez baitira egunerokotasunean ikusten ditugun animaliak. Banpiroen pelikulek ere ez diote onik egiten saguzarren irudiari, baina hauek badira beste animalia guztien bezalakoak eta inposatutako estereotipo horiek apurtzera dator Sherlock Shator detektibe gaztea, Saguzarraren kobazuloan liburuarekin.
Istorio bat kontatu nahian dabil Gea Herensugea, baina kaleko burrunbak ez dio pentsatutakoa bezain istorio polita kontatzen uzten. Zer egingo du Geak? Haserre jarri eta dena pikutara bidali edo azkenean bere istorioa kontatuko du? Deskubritu zure kabuz Abentura burrunbatsua eta Gea Herensugea album berrian.
Animalia eta istorio berriekin, bueltan da dagoeneko klasiko bihurtu den Jim Field ilustratzaileak eta Rachel Bright idazleak osatzen duten bikotea. Igaz, Gekoak oihartzuna entzun zuenekoa argitaratu ondoren, orain, Pandek emandako hitza ekarri digu dupla ingelesak. Bertan familiaren maitasunari eta emandako hitza betetzeak duen garrantziari buruzko kontakizun ilustratua argitaratu dute.
Nork ez du inoiz iluntasunaren beldurrik izan? Umetan, gaztetan eta zahartzaroan milaka beldur izaten ditugu gure barnean. Orion eta Iluntasuna liburuan, Orion mutikoak iluntasunari dion beldurra eta hura, ez soilik nola gainditzen duen, baizik eta nola egiten den bere lagun kontatzen du Emma Yarlett-ek.
2022an Urtebete saguaren basoan argitaratu ondoren, Saguaren album berri batekin dator aurten Alice Melvin, Saguaren bidaia ibaian behera izena duena. Oraingoan saguarekin, lagun bateri bisita egitera bidean doala, hainbat habitat desberdin ikusiko ditugu eta era berean habitat horietaz ikasiko dugu.
Bullying-a betidanik existitu izan da eta hori gertatzea normaltzat hartzen da gaur egungo gizartean. Eskoletan ia egunero gertatzen dira gaztetxoen arteko iskanbila eta erasoak, baina gutxitan hartzen ditugu horiek ekiditzeko beharrezko neurriak. Apirilean argitaratutako Eta zer? Album berriak eskolako jazarpenaren aurrean hausnartzen eta esku hartzen lagunduko digu.
LEHEN IRAKURLEAK
Bilduma berri honetan, Luka eta Utx-ek, aitona-amonekin ze ondo pasatzen den eta zenbat trastakeria egin ahal diren erakusten digute Bizitza ederra da eta Ur gezako marinelak liburuetan. Aitona-amonekin, gurasoekin egiten ez dituzten gauza guztiak egin eta bestelako egun arruntetan ez bezala, bizitako abentura zoragarriak azalduko dizkigu bikote honek.
Legeak dei egiten dizunean ezin duzu ezetzik eman eta oraingoan, Klehoipatraren aginduz, Bueltan da Xeherlock detektibea misterio berri batekin. Oraingoan, Alexandrian K.a. 45.urtean, Xeherlock eta bere lagunak priamideen labirintoetan barrena joango dira sekulako altxor baten bila. Jakin nola amaitzen den abentura berri hau Totonkatumonen altxorra liburuan.
Zenbat eta zenbat galdera egiten diote gazteek euren buruari? Milaka izaten dira galdera horiek mundua eta euren ingurua gehiago ezagutu nahi duten gazteen buruetan. Pinguinoaren frakak liburuak, animalien munduari eta jatorriei buruz ditugun galderei erantzuna ematen die, baita horien aldrebeskeriak aipatu ere.
8 URTETIK AURRERA
Nondik datoz pentsamenduak? Zergatik egiten dut amets? Zergatik naiz ni? Eta beste holako hainbat eta hainbat galdera pasatzen zaizkigu burutik noiz behinka baino gehiago. Zalantzak inbaditzen gaituela dirudi horrelako gauzak pentsatzen hasten garenean, horregatik, galdera horiei erantzuna eman nahian Zure burmuina liluragarria da heziketa-albuma argitaratu du Ibaizabalek apirilean.
Inoiz ez dakigu non aurkituko dugun afizio edota lagun berri bat. Hori gertatu zitzaion Albaceten bizi den munstro arruntari. Ezin zuen jakin udako beroarengandik egiten hari zen ihesaldi batek bizitza aldatuko ziola. Ikusi nolako ezustea eraman zuen munstroak, Munstroa eta liburuzaina liburuan.
Bueltan da Harrikoskor, galaxia osoko gure astrobol talderik maitatuena. Oraingoan, Epiko planeta magikora egingo dute bidaia Bico, Amanda, Lerde eta beste taldekideek, truko guztiak dakizkien sorgin eta azti talde bati aurre egiteko. Nork izan behar du taldeburu berria? Deskubritu zu zeuk Taldearen magia, Astrojokoak bildumako seigarren abenturan.
10 URTETIK GORA
Ametsek gidatzen dute gure bizitza, batez ere, bizi garen herrialdeak soilik gure azalaren koloreagatik baztertzen gaituenean. Hori pasatzen zaie, igerilari profesional izan nahi duten Shaka eta bere lagun gazteei, Hegoafrikak apartheidaren egunik txarrenak bizi dituenean. Ibai Gorria liburuan, Shakak azalaren koloretik harantzago ikusten irakatsiko digu, gaur egun oraindik ere presente eduki behar dugun esaldi batetik habiatuta: pertsona guztiak berdinak gara.
Badakigu nerabezaroa oso zaila izaten dela gazte asko eta askorentzat. Momentu zail horretan dago Horacio, Udaldia asteroidean liburuko 13 urteko protagonista. Gurasoak bereizi egin dira, institutuan iseka egiten diote ikaskideek eta gainera aitak udalekuetara bidali nahi du. Horacioren asmoa aitonari bisita egitea da, baina berak ez dakiena da, bere bizitzako udarik garrantzitsuenetakoa izango dela.
Etxeko gaztetxoena izan zein institutuko korridoreetan barrena ibili, ez duzu udako oporretaraino itxaron beharrik, udaberri honetan Ibaizabalen eskutik bidaiatu ahalko duzu liburu eta album sorta berri honekin.
Noticias relacionadas
Lo más leído